
Publicado el 11 de marzo de 2010
“XL Town” besteen zorigaitzen inguruko tragikomedia da, mendebaldeko hiritarren kontsumo ohitura konpultsibo eta burugabeen ingurukoa eta munduko moda eta kirol marka handiek dituzten jarduera harrapariei buruzkoa. Martxoaren 13 eta 14an iritsiko da Errenteria Hiria Kulturgunera antzezlan hau, Pikor Teatro taldearen eskutik eta Setem-Hego Haizearen laguntzarekin. Gipuzkoa mailako estreinua izango da Errenteriako.
Carmen Di Bellak, Elena Bezanillak eta Javier Parrak zuzentzen dute Jokin Oregi egilearen obra hau. Euskaraz zein gazteleraz eskainiko da; 13an euskaraz eta 14an gazteleraz. Antzezleak Aintzane Crujeiras, Miren Gaztañaga, Jon Koldo Vázquez eta Pako Revueltas dira euskarazko emanaldian; eta Ángeles Argudo, Belén Nevado, Jon Koldo Vázquez eta Bernabé Tebar gaztelerazko bertsioan.
“XL Town” ikuskizunak bidaia umoretsua eskaini nahi du «makiletatik nazioarteko marka handien publizitate kanpainen bihotzeraino, mugetako kontrolguneetatik pasatuz, sustatzaileen eskrupulurik eza eta zigorgabetasuna egiaztatuz». Pertsonaietako batek esaten duen moduan, «serioak izan, lagunak, gu berez ez gara gure itxura. Izan gaitezen zentzudunak, gu baikara erosten dugun hura».
Obra honetarako sarrerak salgai daude hilaren 8tik Kulturguneko leihatilan, 9 euroren truke (65 urtetik gorakoek eta Gazte Txartela dutenek, berriz, 7 euro ordainduko dituzte).
0 comentarios