
Publicado el 18 de marzo de 2010
Eskolako Agenda 21 izeneko hezkuntza programaren baitan, Lezoko Herri Eskola eta Institutuko ikasleek energiari buruzko kale ikerketa gauzatuko dute. Izan ere, ikasturte honetan Lezoko eskola komunitatea osatzen duten eragileak energia aztertzen ari dira, Lezoko Unibertsitateko Udalak kontratatutako aholkularitza enpresa baten koordinaziopean.
Energiaren gaia aztertzerako orduan, ikastetxearen diagnosia gauzatu dute bi eskola zentroetako ikasleek. Oraingoan, bigarren pauso moduan, zentroak kokatuta dauden ingurunea ikertuko dute, eta Lezoko energiaren diagnosia osatzen amaituko dute.
Egitasmo honen barruan, Lezoko Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak bildu dira, Guillermo de Lazón eta Hipolito Gezala kaleak, Bekoerrota polikiroldegi inguruak eta Euskal Herri Plazako kale argiteriaren azterketa egiteko. Orotara 45 gaztek (eskolako bi irakasle eta aholkularitzako bi hezitzaileren laguntzarekin), kale-argiteria mota, hauen argiztatzeko modua, kale, plazen argitasuna eta tentsio altuko dorreek paisaian duten eragina aztertu dituzte.
Ikasleek kale ikerketa egin eta emaitzak ateratzen dituztenean, bi ikastetxeek energiari buruzko diagnosia osatuta izango dute. Eta hurrengo pausoa diagnositik eratorritako ondorioetatik Energiaren Ekintza Plana osatzea izango da. Ekintza Plan horrek bi atal nagusi izango ditu. Lehenengoan, zentro bakoitzak energiaren arloan bere buruari ezarritako konpromisoak, helburuak eta ekintza zehatzak barneratuko dira. Bigarrenean, eskola zentroek Udalari egindako hobekuntzarako proposamenak.
Azkenik, Europako Energiaren Astea ospatzekoa den honetan (martxoaren 22-26), bai Herri Eskolako zein Lezo Institutuko hainbat ikaslek energia berriztagarriei buruzko tailerrak egingo dituzte.
0 comentarios