Pasaian

UDAKO IGERILEKUEK 92.000 bisita izan zituzten iaz

Publicado el 24 de julio de 2009

UDAKO IGERILEKUEK 92.000 bisita izan zituzten iaz

Oiartzunek, Altamirak eta Fanderiak eskaintzen dute aurten aisialdirako aukera hau; Beraun-Kaputxinosekoa obretan dago


Udaraz gozatzeko aukera ona eta arrakastatsua dira eskualdeko igerileku irekiak. Datuek hala diote, behintzat. 2008. urteko ekainetik irailera 20.000 bisita inguru jaso zituen Oiartzungo igerileku irekiak; 27.000tik gora Lezokoek eta 45.000 Errenteriako Fanderiakoek. Oarsoaldean, Pasaia da halako azpiegiturarik ez duen udalerri bakarra. Beste hiruen eskaintza erakargarria da. 
   
Kanposantu ondoan dago Oiartzungo udako igerilekua. 2007. urtean berritu zuten. Forma irregularrak eta txirrista batzuk ditu. Gehienez 1,60 metroko sakonera du eta, ume txikientzat egokia izan dadin, 0 kotatik abiatzen da, hondartza baten itxura hartuz. Igerilekua inguratzen duen berdegunea handi samarra da, eta zuhaitzak dauzka, erabiltzaileari itzala eskainiz. Taberna bat ere badago bertan. 
   
Oiartzungo udako igerilekua 11.00etatik 20.00etara zabalik dago egunero. Batzuetan, ordubete lehenago ireki eta ordubete beranduago ixten dute, erabil-tzaileek eguraldi onaz goza dezaten.
   
Lezoko Altzate igerilekuek, bitartean, hiru gune ezberdin eskaintzen dituzte: igerileku handi bat, txikiago bat eta haurtxoei zuzendutako hirugarren bat. Ura berotzeko eguzkia aprobetxatzen duen estalki berezia du instalazioak, eta, eguraldiaren eta orduaren arabera, itxi edo ireki egiten dute. Horrela bada, 7.30ean irekitzen dituzte igerilekuak, baina 11.00ak arte estalkia itxita mantentzen dute. 11.00etatik 20.00etara itxitura hori kendu egiten dute (eguraldia ona bada) eta 20.00etatik 22.00etara berriz ere estalita erabil daitezke.  
    
Altamiran dauden Altzate igerilekuek belardi bat dute eta bertan eguzkia hartu eta bazkaldu daiteke. Oso gertu taberna bat dago. Oiartzungoa bezala, irailaren 13a bitartean zabalik izango dira udako instalazio hauek. 

Fanderiakoa

Errenteriari dagokionez, Beraun-Kaputxinos inguruko igerileku irekiak berritzen eta handitzen ari dira orain. Horregatik, Fanderiako instalazio irekiak dira udara honetan erabili ahal diren bakarrak. Hiru gune dituzte: 25 metroko igerileku handia, hidroterapia gunea eta haur txikien igerilekua. Lehenengo biek teilatu mugikorra dute; udaran (eguraldia ona bada) zabaldu egiten dute eta gainontzeko urtaroetan itxirik mantentzen da. Zelai natural bat eta belar artifiziala duen espazio bat daude Fanderian. Txabola moduko bat ere bada, mahai batzuekin, non jendeak jan dezakeen. Eta kafetegi bat, bada instalazioen barnealdean. 9.00etatik 22.00etara zabalik dira igerileku hauek.
  
Hiru udalerrietan, eguneko sarrera eros daiteke edo beste aukerak kontsultatu.

Eguneko sarreraren prezioa:


Oiartzun: 
6 euro helduek   
3 euro txikiek

Lezo:
5,20 euro helduek     
2,70 euro txikiek

Errenteria:
7,20 euro helduek
5,10 euro gazteek
3,65 euro haurrek

Volver a la edición 91

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo