Pasaian

«Zortzi urte eman ditut Zuricheko Operako dantza konpainian eta 2010ean beste nonbait hasi nahi dut lanean»

Publicado el 24 de julio de 2009

«Zortzi urte eman ditut Zuricheko Operako dantza konpainian eta 2010ean beste nonbait hasi nahi dut lanean»

Balletaren munduan goi mailako profesionala da Iker Murillo antxotarra. 31 urterekin, amets asko lortu dituela esan dezake. Egiten duen lanarekiko geroz eta interes handiagoa nabari du herriko jendearen partetik. Bere ezkontzaren bezperan elkarrizketatu zuen PASAIANek.

 -Zuricheko Operako Balleteko lehen dantzaria zara. Nolakoa da orain bizi duzun une profesionala? 

Orain dela bizpahiru urte izendatu ninduten dantzari nagusi. Momentu ona bizi dut, baina konpainia aldatu nahi dut. 2010.eko uztailean beste nonbaitera joan nahi dut. Zortzi urte daramatzat Zurichen eta aldatu nahi dut. Dimisioa eman dut orain.

 -Nora joan nahi duzu? 

Norvegia edo Holandara, agian... Ez dakit ziur. Zuricheko etapa ixteko gogoa daukat. Zortzi urte izan dira leku berean eta  zuzendari berdinekin lanean. Eta proiektu berri batean pentsatzeak motibazioa pizten du.  Beharbada Finlandian edo Australian bukatuko dut. Aukera asko daude. Amerikan gutxiago, gauzak han ez daudelako ondo. Euskal Herrira etortzea zailagoa da. Agian bost edo hamar urte gehiago eman beharko ditut kanpoan eta gero Euskal Herrira bueltatu.

 -Zuricheko dantza konpainia oso entzutetsua da. Bestetik, iaz Gipuzkoako dantzariek sari bat eman zizuten. Lorpen horietara iristeko egindako ibilbidea oso gogorra izango zen. 

Eta da. Norbaitek esaten didanean bere semeak dantzaria izan nahi duela esaten diot: "Ez, mesedez". Oso oso gogorra. Jendeak antzokian ikusten duen ikuskizunaren atzean izugarrizko lana dago. Zurichen astean egun bakar bat daukagu libre. Goiz eta arratsaldez lan egiten dugu egunero. Astean libre dugun egun bakar hori ez da nahikoa lanaz deskonektatzeko.  Eta nik bizitza pribatua ere eduki nahi dut.

 -Bizitza erdia daramazu profesional bezala dantzatzen. Horrek esan nahi du zure familiaren bultzada izan duzula. 

Erabatekoa. Nigan konfiantza handia izan dute. Denetarako egon dira atzean, laguntzen. Kasu asko daude non gurasoek, momentu jakin batean, esaten duten: "honaino!". Amarentzat oso gogorra da ni kanpoan bizitzea. Baina berari ere dantza izugarri gustatzen zaio. Alkartasunako kide izan zen, ni bezala.

 -Nola hasi zinen? 

Antxoko errepide nagusian akademia bat zegoen eta bi urterekin hasi nintzen han. Gero euskal dantzarekin hasi nintzen Ereintzan.  Han dantza klasikoko Maite Egiguren andereñoak asko lagundu ninduen. Balleta beharrezkoa da dantzari batentzat. Nere ustez dantza klasikoa dago eta bertatik beste dantza guztiak eratortzen dira. Oso garrantzitsua da dantza modernorako ere.12 edo 13 urterekin Iparraldera klaseetara joaten hasi nintzen. Klasikoaren aldera jo nuen. Eta 15 urterekin Madrilera joan nintzen, Carmen Rocheren eskolara.

-Zer aurkitu zenuen, bada, dantzaren munduan? 

Neretzako dantza dena da. Nere espresatzeko bidea. Nere bizitza da. Batzuetan lanbide hau utziko nuke, baina... ez! Orain hiru aste daramazkit dantzatu gabe eta gorputzak mugimendua eskatzen dit.

-Zein gaitasun berezi uste duzu dauzkazula zauden lekura iritsi izateko? 

Balio duzu edo ez. Eta hori nabaritzen duzu. Txikitatik ikusten da haur batek gaitasunak dauzkan edo ez. Beste gauza bat da gero sakrifikatu behar zarela. Mugimendua, planta, oinaren forma (oinbularra badaukazu, hobe), posea, dotoretasuna behar dira. Gero profesionala izatea lortzea beste gauza bat da.  

-Aurrera begira, ze helburu lortu nahiko zenuke? 

Dagoeneko eduki ditut momentu oso bereziak. Errusiako Bolshoi antzokian dantzatu dut. Zirrara eragiten dit gogoratzeak. Jiri Kilian koreografoa gustatzen zait eta bere pieza batzuk dantzatu ditut... Lortu ditut gauzak. Ez dut esan nahi 31 urterekin ametsik ez daukadala. Baina, nahikoa daukat. Nahi dudana egiten dut, sano nago, ez dut lesiorik izan, koreografo oso onekin lanean ari naiz... Ez dut beste inor bezalakoa izan nahi. Ni Iker naiz eta iritsi naiz iritsi nahi nuen lekura, nahiz oraindik asko daukadan egiteko. 

-Munduan zehar, asko bidaiatzen duzu. Nolakoa da bizimodu hori? 

Gozada bat da. Asko gustatzen zait. Aurten lehen bira abenduan dugu. Greziara goaz. Leku askotan egon naiz. Errusian, Eslovakian, Txinan, Japonian, Turkiaa... Baina ez ditugu lekuak ikusten. Zorte pixka bat badaukagu, azkeneko egunean zerbait ikusten dugu. Hegazkinetik autobusera, hotelera, antzokira... Baina kultura ezberdinak ikustea gozada bat da. Eta, gainera, mugitzea ondo dago.

-Antxorekin harreman estua duzu. 

Antxora urtero bitan etortzen naiz. Antxo da, berezia da, gauza asko falta zaizkion arren. Hemen jendea oso irekia da. Kanpotik etorri diren lagun guztiei asko gustatu zaie herria. Bestetik, Kultur arloko azpiegituraren bat behar luke herri honek. Eta ondo legoke urtero kanpoan gauden euskal dantzari guztiekin gala bat egitea. Euskal Herriaren izena munduan zehar eramaten dugu.

 -Aurtengo Sanferminetako Saltsero Nagusia izan zara. 

Aitak deitu zidanean aukeratu nindutela esateko...! Izugarrizko ilusioa egin zidan San Fermin egunean saltseroen blusa jarri zidatenean. Jendeak poliki-poliki ulertu du egiten dudan lana.  

Pasaian 91ko albiste gehiago irakurtzeko, sakatu hemen.

Volver a la edición 91

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo