Pasaian

«Haurrarentzat titia ez da soilik janaria; segurtasuna, berotasuna eta maitasuna ere bada»

Publicado el 19 de enero de 2009

«Haurrarentzat titia ez da soilik janaria; segurtasuna, berotasuna eta maitasuna ere bada»

Maistra eta psikologoa da Pilar Seminario, eta Errenteriako Sortuz elkartea gidatzen du. Amagandiko edoskitze (laktan-tzia) talde bat du elkarteak eta haurren hazkuntzarekin zerikusia duten gaiak ere lantzen ditu.

-Zein da, zehazki, Sortuz elkarteak egiten duen lana?

Laktantzia taldea hilean behin biltzen da eta edonorentzat zabalik dago. Hileko lehen astelehenetan biltzen gara, 17.30etik 19.00etara, Iztieta auzoan (Irun kalea, 7 behea). Amak eta aitak nahi duten saioetara ager daitezke eta haurrekin joan ohi dira. Bestetik, urtean behin 0-7 urteko haurren hazkuntzarekin erlazionatutako hitzaldiak antolatzen ditugu, Udalaren laguntzarekin. Pertsona baten bizitzan oso garrantzitsuak dira lehenengo urteak, nortasunaren oinarriak finkatzen direlako orduan. Eta jaiotzen garenetik helduen beharra daukagu. Beraz, harreman hori oso garrantzitsua da.

-Zein aholku emango zenioke haurrari titia emateko asmoa duen ama bati?

Lehenik esango nuke emakume guztiok daukagula titia emateko gaitasuna. Zailtasunak sor daitezke, baina gure gorputza horretarako prestatuta dago. Batzuek pentsatzen dute ez dutela esnerik izango. Baina, printzipioz, ahal dugu. Gero sortzen diren arazoak izan daitezke postura txarrarengatik edo amak ez duelako laguntzarik. Baina, horiek ere gainditzerik badago. Kontuan hartu beharreko bigarren gauza da haurraren eskaerari erantzun behar zaiola; nahi duenean eta nahi duena eman behar zaio. Erlojua ahaztu behar dugu. Gizarte honetan dena kontrolatu nahi izaten dugu. Eta, biberoi bat ematen dugunean, badakigu zenbat esne ematen ari garen, baina titia ematen dugunean ez dakigu. Horrek emakume askorengan zalantzak sortzen ditu. Baina haurrak badaki eta berak aukeratzen du. Gainera, zenbat eta gehiago hartu umeak, orduan eta esne gehiago sortzen dugu. Haurrari kasu egin behar zaio. Egia da pediatra batzuek aholkatzen dutela esne-hartualdien artean hiru ordu itxoiten saiatzea. Baina amaren esnea errazago digeritzen da eta gerta daiteke ordubete igarota haurrak berriro hartu nahi izatea. Eta ez emateagatik sortzen dira arazoak, hain zuzen.

Bestetik, hasieran denbora asko eta maiz egoten dira haurrak titian. Eta hau da naturala. Hori ez da gertatzen amak esne gutxi daukalako. Kontuan hartu behar da titia ez dela janaria soilik. Segurtasuna, berotasuna, maitasuna ere bada. Askotan haurrak titira joan nahi badu ez da gose dagoelako. Amaren gorputza behar du eta bularra medio bat da. Esango nuke garrantzitsua dela edoskitze taldeetara joatea, haurdunalditik.

-Ama batzuentzat traumatikoa izaten da, hainbat arazo bitarteko, titia eman ezin izana. Beste batzuk bularra ematera behartuta sentitzen dira, biberoia aukeratuko luketen arren.

Neretzat garrantzitsua da titia ematea, baina batez ere amak sentitu behar du hori. Bakoitzak lehenengo informatu behar luke. Bularraren bitartez, haurraren lotura amarekin estuagoa izan daiteke, baina egia da titia ere eman daitekeela kontakturik gabe. Horregatik, bularra gustura eman behar ez duenari, ez emateko esango nioke. Umeak hori nabaritzen du eta. Ama batek jakin behar du zeintzuk diren abantailak eta zein den bere egoera (beste norbaiten laguntzarik baduen, lanera laster bueltatu behar duen...). Eta erabakia hartzen duenean, hartuta dago. Hobe da biberoia maitasunez ematea, titia kontakturik gabe ematea baino.

-Zertan lagundu dezake aitak amagandiko edoskitzea aukeratzen denean?

Asko egin dezake. Batzuek erabakitzen dute biberoia ematea aitak parte har dezan. Nere ustez, garrantzitsuena haurra da eta aitak beste funtzio batzuk ditu. Gizarte honetan berdintasuna nahi dugu, baina amak gauza batzuk eta aitak beste batzuk egin ditzakete. Aitak laguntza emozionala eman diezaioke amari, momentu gogorrak eta nekea sor daitezkeelako. Aitak laguntzen badu eta ulertzen  badu bikotearen erlazioa aldatu egin dela, ama lasaiago egongo da. Aitaren papera ere zaila da. Amak haurrari eman behar dio, eta aitak amari. Horrez gain, laguntza estrategikoa dago. Etxean lagun dezake gehiago aitak, ama haurrarekin lasaiago egoteko, batez ere lehen hilabeteetan. Bestetik, aitak ez dio titia emango haurrari, baina bainatu dezake. Hasieran kontaktu fisikoa oso garrantzitsua da, haurra horren bitartez komunikatzen baita. Masajeak, besoetan eraman, paseatu, haurrarekin jolastu... Gauza asko egin ditzake aitak.

-Haurraren desioak bere beharrak omen dira. Noiz arte eman behar zaio haurrari nahi duena nahi duen momentuan?

Hau ez da erraz ulertzen. Hasieran haur txiki batek maitasuna, segurtasuna, berotasuna, janaria behar ditu soilik. Nahi horiek beharrak dira. Handitzen doan arabera, beste nahi batzuk sortzen zaizkio. Lehen mailako eta bigarren mailako beharrak bereizten ditugu guk. Lehen mailakoak dira gurekin egon nahi dutela, kontaktu fisikoa, besoak, bularra edo biberoia nahi dutela. Behar hauei beti erantzun behar zaie. Eta txikiak direnean, berehala, haur txikiek ez daukatelako itxoiteko gaitasunik. Negarrez ari den haur bat sufritzen ari da. Handitzen doazen arabera, itxoiten ikasten dute. Gizarte honetan berehala nahi dugu haurrak autonomo izatea. Baina, orain behar dutena ematen badiegu eta dependente izaten uzten badiegu, gero autonomoagoak izango dira. Bigarren mailako beharrak, berriz, afektibitatearekin edo oinarrizkoena denarekin zerikusirik ez dutenak dira. Izan daiteke goxoki bat nahi izatea edo telebista ikusi nahi izatea.  Horiei ezetz ere esan behar zaie.

-Erditzearen gaia ere landuko duzue zuen saioetan. Analgesiarik gabeko erditze naturala baztertuta gelditzen ari da? Erditzearen minak emakumeak beldurtzen dituela iruditzen al zaizu? 

Hau oso gai zaila da. Beldurrak ere minak ematen ditu. Ikusi behar da bakoitza zein momentutan dagoen. Erditzea prozesu naturala da eta emakumearen gorputza prestatuta dago momentua iristen denean ireki behar den bezala irekitzeko. Eta haurrak ere parte hartzen du; jaio nahi du eta bultzatzen du. Hori da naturala. Baina hori egoera ideala da. Zailtasunak sortzen dira, batetik ez dakigulako nolakoa den prozesua. Adibidez, ba-tzuetan uzkurdurei minak dei-tzen zaie. Eta egia da mina eman dezaketela, baina ez guztiek. Informatzea eta aldez aurretik gure emozioak lantzea garran-tzitsua da. Erditzean izugarrizko hormona eztanda dago, baina gerta daiteke ama ez irekitzea. Une horretan beldurrak azalarazi daitezke. Erditze naturala eta etxean modan dago agian, baina ezin da besterik gabe egin. Prestatu egin behar zara, ospitaleko erditzerako bezala.

>Sortuz elkartea:  685796578 (Pilar Seminario)<

Pasaian 85eko albiste gehiago irakurtzeko, sakatu hemen.

Volver a la edición 85

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo