
Publicado el 15 de abril de 2007
Pasaiako Tokiko Agenda 21 etenda dago azken hilabete luzeetan. Konturatuko ziren irakurleak garapen jasangarria xede duen prozesu honen inguruan ez dela azkenaldian ez ekimenik antolatu ez eta albisterik entzun. PASAIAN aldizkariak egitasmo hau zertan den galdetu nahi izan duenean, Udalak hura bultzatzeko pauso berririk eman ez duela jakin du.
Etenaldiaren zergatietara jo-tzen badugu, azpimarratu beharra dago Udalak ez duela prozesuari zegokion Ekintza Plana osoko bilkuran onartu. Kontsultatu ditugun iturrien arabera, ez dirudi bukatzera doan legealdi honetan pauso hori emango duenik.
2004. urteko azaroaren hasieran, Oarsoaldeko lau alkateek “Udaltalde 21” egitasmoa aurkeztu zuten. Oiartzunek hasita zuen aldez aurretik ibilbide hori, baina Errenteria, Pasaia eta Lezorentzat berria zen. “Iraunkortasunerako Europako Hirien Eskutitza” (Aalborgeko eskutitza) sinatuz, lau udalek gure bailara hobetzeko gizarte, ekonomia eta ingurumen plana martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten.
Egoeraren diagnosiari zegokion lehen fasea. Bailarako laurehun herritarri inkesta bat egin zitzaien telefonoz, eta informazio zein publizitate kanpaina bat martxan jarri zen euskarri ezberdinak erabiliz.
Postontziak eta telefonoa
Biztanleei beren parte-hartzea eskatu zitzaien hasieratik. “Parte hartuz eraiki” leloa erabili zen horretarako. Herritarren iradokizunak jasotzeko, zortzi postontzi berde (horietatik lau Pasaian) eta doako telefonoa (900507088) jarri zituzten, eta hamar teknikari kontratatu zituzten egin beharreko prozesuaren inguruko lanak garatzeko.
2004.eko abenduaren 14ean, Parte-hartzerako Lehen Foroa antolatu zen Trintxerpeko Alkateordetzan. Hortik aurrera, Pasaiaren egoeraren diagnosiaren zirriborroa osatu zuten Haizea Ikerketa eta Ondoan enpresek.
Prozesuari buruzko azken albisteak 2005. urteko azken hiruhilekoan izan genituen. Herritarren Parte-hartzerako Bigarren Foroak antolatu ziren orduan, «herritarrek eta elkarteek Pasaiako diagnostikoaren zirriborroaren inguruan eztabaidatzeko».
Ordutik aurrera, isiltasuna nagusitu da Tokiko Agenda 21en inguruan. Azpimarratu beharra dago egitasmo honek herritarren parte-hartze erreala bermatzen duela zalantzan jarri izan dutela elkarte eta talde partehartzaileek.
Prozesu eztabaidatua
Errenterian batik bat, eztabaida sutsua piztu zuen prozesuak. Izan ere, herritarrek udalerria hobetzeko beren iritziak eman eta proposamenak egin ditzaketen arren, azkenean Udala da burutu behar diren ekintzak erabakitzen dituena. Hala ezarrita dauka Tokiko Agenda 21ek.
Oiartzunen kasuan, egitasmoa lehenago hasi zutenez (eta kritikak ere izan diren arren) ekintza plana martxan dute.