
Publicado el 10 de enero de 2007
Etxebizitzaren merkatu zailean jabe tituluarekin sartzea baztertu ondoren (dauden prezioetan, nola?), alokairuaren formulak eskaintzen dituen aukerak ikertzea gogoan erabil dezake aldizkari honen irakurleren batek. Aurkituko duen gutxi gorabeherako egoeraren berri aldez aurretik izan dezan, aukera horretan murgiltzen saiatu gara PASAIANeko langileak.
Pisu bat alokairuan hartzeko asmoz, hainbat etxe-salerosketa agentziekin harremanetan jarri gara. Hau da egin dugun ibilbidearen deskribapena:
«Egunon! Alokairuzko etxebizitza baten bila nabil Pasaia-Errenteria inguruan. Esango al didazu, mesedez, zein aukera daukazuen eta prezioak nondik nora dabiltzan?», galdetu dugu.
«Prezioak? Ba, oso garesti!», erantzun digu, zintzo, etxe-salerosketako emakume atseginak. «Pisu bakarra daukagu orain. Errenterian. Zentroan dago eta hileko 780 euro eskatzen dituzte jabeek», jakinarazi digu gero. Etxebizitza horren ezaugarriak: hiru logela eta bi komun. Altzaririk gabe dago. Arrazoia zeukan emakumeak; garesti samarra! Gehiegizkoa guretzat. Kontratua sinatzeko derrigorrez bankuaren abala eskatzen dute jabeek.
«Aldez aurretik hiru hilabeteri dagokien diru-kopurua ordaindu behar izaten da. Zati bat, lehen hilabetearen ordainketa egiteko; bigarrena, fidan-tza bezala, kontratua amaitutakoan itzultzen dena pisuan ezer hondatu ez bada; hirugarrena, agentziaren ordainsaria», azaldu digute. Urtebeteko kontratua sinatuko genuke.
Lehen saio honetan, kalean esaten dena egia dela frogatu tzat eman dugu. Alegia, benetan garestia dela etxebizitza bat alokairuan hartzea. Bilatzen jarraituko dugu, edonola ere. Egongo da merkeagorik...
«Egunon! Alokairuzko etxebizitza baten bila nabil Pasaia-Errenteria inguruan. Zein aukera eta prezio dauzkazuen jakin nahi nuke», berriro ere.
Logela bakarra
«Iztietan etxebizitza berri bat dugu alokairuan. Altzariak badauzka eta 600 euro ordaindu beharko lirateke. Logela bakarra du», erantzuna. Pisua bi lagunentzat behar dut (lankide batentzat eta neretzat). Etxe-salerosketako langileak esan dit alokairu-kontratua bion izenean egin daitekeela; ez dagoela arazorik horretarako. Hamaika hilabeteko kontratua eskaintzen dute jabeek. Baina logela bakarrarekin konpondu beharra... Ez daukat lankidearekin hainbesteko konfiantzarik!
Elkarrizketa amaitzeko, izaten dituzten preziorik merkeenak zeintzuk diren jakin nahi izan dugu. «550-600 eurotik beherakoak ez dira izaten alokairuak», azaldu digute. Etxe-salerosketa honek Pasaian ere izan ohi ditu pisuak alokairuan, baina oraintxe ez dauka ezer.
Hirugarren deia: «Kaixo! Alokairuzko etxebizitzarik ba al duzue Pasaia-Errenteria inguruan?». Erantzuna: «Orain bertan bi pisu ditugu Errenterian eta beste bat Pasai Antxon». Lehena Errenteriako zentroan dago. 800 euro eskatzen dituzte. Altzaririk gabe dauden bi logela dauzka. Bigarrena, Agustinetan, 600 eurotan. Jabeak sukaldea eta komuna berritzen ari dira. Hiru logela dauzka, bata txikia. «Prezioa aurkitu daitekeen merkeenetarikoa denez, zerrenda dago pisu hori ikustera joateko», azaldu digute. Sukaldea eta komunaren berritze-lanak amaitutakoan hasiko omen dituzte bisitak interesa duten bezeroekin.
Pasai Antxoko eskaintzari dagokionez, berriz, igogailua du, hiru logela dira eta 630 euro eskatzen dituzte.
Oso atsegina da etxe-salerosketa agentzia honetako emakumea. «Kontratua egiteko, bankuaren abala derrigorrez eskatzen dute jabeek. Ditxosozko abala!», esan digu. Etxebizitzaren jabearentzat berme bat da abala; guk ordaintzen ez badiogu, bankuak ordainduko du gure kontura.
Pisu batzuetan hamaika hilabeteko kontratua eta beste batzuetan hamabikoa zergatik eskaintzen den ere galdetu diogu. «Hamabi hilabetekoa bada, behin epe hori amaituta, errentariak eskubide osoa du kontratua beste lau urtez luza-tzeko. Alderantziz, hamaika hilabeteko kontratua bada, legeak dio alokatzaileak errentaria kalean utz dezakeela epe hori gaindituta», azaldu digu.